Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Arartekoaren erakunde-adierazpena

2024ko martxoaren 8a

Arartekoak euskal erakundeei eta, oro har, euskal gizarteari eskatzen die aurre egin diezaietela emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak elikatzen eta indartzen dituzten aurreiritzi sexistei

Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, martxoaren 8 honetan gogoratu behar da zein garrantzitsua den emakumeek beren eskubideak gizonek bezalaxe baliatu ahal izateko oraindik ere jartzen dizkieten trabak eta oztopoak kentzen jarraitzea.

Europar Batasunaren datuen arabera, Europan emakumezkoak gizonezkoak baino txiroagoak dira, izan ere, gizonezkoek baino %36 gutxiago kobratzen dute batez beste; oraindik ordezkaritza txikiegia dute arlo guztietako erabakiak hartzeko lanpostuetan; beraiek hartzen dute bere gain, gehienetan, senideak zaintzeko eta haietaz arduratzeko lana. Gainera, Europako herritarren %46k oraindik ere uste dute emakumeen eginkizunik garrantzitsuena etxea eta bere familia zaintzea dela; ikuspegi hori emakumeei dagokien zereginaren ikuspegi estereotipatua eta batez ere deformatua da, emakumeen ahalmenak arbitrarioki mugatzen dituen eginkizuna ematen die eta bidegabeki zedarritzen ditu beraien garatzeko aukerak. Hori guztia, neurri handi batean, genero-estereotipoak gizartean errotuta eta zabalduta daudelako gertatzen da. 

Arartekoaren iritziz, datu horiek agerian jartzen dute oso garrantzitsua dela sexismoaren eta genero-estereotipoei aurre egiteko neurriak hartzea, aurrez pentsatutako ideiak baitira; horien arabera, pertsonen sexuak berekin dakartza, ezinbestean, aldez aurretik zehaztutako eginkizun eta jarrera batzuk, txikitatik emakumeen erabateko garapen askea mugatzen dutenak, baita beraien ahalmena ere. 

Gure kulturan sakon errotuta dauden aurreiritziak dira eta pertsonen sexuagatik desberdintasunak sortzen dituzten arrazoi nagusietako bat; oztopo larriak jartzen dizkiote berdintasunari, eta bereizkeriazko jokabideak elikatzen eta indartzen dituzte. Itxaropen estereotipatu horiek ez die eragiten emakumeei bakarrik, baizik eta gizonei ere bai, pertsonen askatasuna eta talentua mugatzen dituztelako, txikitatik hasi eta beren bizitza osoan barrena, eta, azken batean, pertsona gisa duten ahalmena zedarritzen duelako, baita beraien itxaropenak ere ikasketak aukeratzeko orduan, lanerako, karrera profesional bat hasteko eta bizitzako erabaki sinpleak hartzeko orduan, edo zaletasun bat aukeratzean.

Horregatik guztiagatik, 2024ko Emakumeen Nazioarteko Eguna dela bide, Arartekoak euskal erakundeei eta, oro har, euskal gizarteari eskatzen die aurre egin diezaiotela gure artean iraunarazten diren aurreiritzi sexistei, estereotipo horiek elikatzen eta indartzen baitituzte, azken finean, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak. 

Arartekoak, desberdintasunari aurre egiten laguntzeko asmoz, jakin nahi izan du euskal gazteek nola pentsatzen duten eta estereotipo sexista eta matxista horiek zenbateraino dauden oraindik errotuta beraien sinesmenetan eta jarreretan. Horretarako, azterlan bat prestatzen ari da (aurki argitaratuko dena) euskal gazteen arteko jarrera matxistei buruz. 

Orobat, Arartekoak euskal administrazio eta erakunde guztiei eskatzen die kontuan har dezatela Europako Kontseiluaren CM (2019) 1 Gomendioa, sexismoa prebenitzeko eta hari aurre egiteko eta, beraz, bereizkeria-kausa larri hori geldiarazteko ekintzak has daitezen, kalte handia egiten baitie emakumeei eta neskatoei.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 7a