EUSKARA IKASTEKO LAGUNTZA PUBLIKOAK LANGABEEI ERE EMAN DIEZAZKIETELA, LAGUNTZA HORIEK BERDINTASUN EGOERAN JASO AHAL IZANGO DIRELA BERMATUZ

HABEko zuzendariak Arartekoari adierazi dio urrats garrantzitsua egin dela erakunde honen 3/2015 Gomendio Orokorra betetzeko.

HABE eta Lanbide elkarrekin lanean aritu dira gomendio hori betetzeko, eta lan horren emaitza gisa, euskara ikasteko aukera eskaintzen hasi dira, dohainik, hiru arlo zehatz hauetan enplegua eskatzen duten langabeei: arlo soziosanitarioa, merkataritza eta ostalaritza. Bi erakunde horiek lanean jarraitzen dute eskaintza hori gainontzeko ekonomia-sektoreetara ere zabaltzeko, lan eske dabiltzan guztiei eskaintzeko asmoz.

Arartekoa egiaztatzen ari denez, euskarak gure gizartean duen komunikazio-, kultura- eta identitate-balioaz harago, hizkuntza hori jakitea gaikuntza-faktore osagarria da, gero eta gehiago. Horregatik, euskararen ikaskuntza langabeentzat ere sustatu beharra dago.

Gaikuntza hori ez du Lanbidek ematen, baizik eta EAEko tokian tokiko udalek, horiek kudeatzen baitituzte helburu horretara bideratutako laguntza publikoak; eta gertatzen da horretarako programarik ez dagoela udal guztietan, eta halakorik badutenetan ere, ez dela homogeneotasunik nabari.

Beraz, eragindako euskal herri-administrazioek, pertsonen enplegagarritasuna bultzatzeko neurriak abiarazteaz gain, hartzen dituzten neurri horietan herritarren berdintasuna errespetatu behar dute, edozein udalerritan bizi direla ere.

Horregatik, Arartekoak hauxe gomendatu zion Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari: elkarlanean aritu dadila tokiko administrazioarekin eta Lanbiderekin, euskara ikasteko laguntza publikoak sustatzeko eta langabeei ere emateko, laguntza horiek berdintasun egoeran jaso ahal izango direla bermatuz.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko otsailaren 6a