Genero indarkeria: Zer egin daiteke?

Aurten, emakumeen heriotzen gorakada beldurgarriak, genero indarkeria deritzogun horren  ondoriozkoak,  demokraziaren  oinarriak  ahultzen  dituen  gizartearen  gaitz gorrotagarri horren  kontrako  borrokan  modu  batean  edo  bestean  inplikatuak dauden  erakunde  guztien  alarmak  piztu  behar  ditu.  Horrez  gain,  modu saihestezinean,  pertsonen  eskubideak babesten  dituen  erakunde  honi  ere nahitaezko hausnarketa eragin dio, gure gizarte garaikideetako laztura hori errotik kentzeko abian jarri diren neurrien eraginkortasunaren inguruko hausnarketa alegia.  

Ideologia-prebentzioa  da,  hasteko,  arazoa  disolbatzeko  eta,  ondoren,  arazoa ezabatzeko  modu  bakarra.  Arazoa  hauxe  da:  emakume  batek  soilik  emakumea izategatik  duen arrisku  potentziala,  hau  da,  edozein  pertsonak  soilik  neska jaiotzeagatik izan dezakeena. Emakumeak, euren sexua dela-eta, hiltzera bultzatzen duten  jarreren  jatorria  ideologia matxista  dela  esatea beharbada  errepikakorra da baina  beharrezkoa  ere.  Denok  egiten  dugu  bat  hipotesi  horren  inguruan: politikarekin  edo  edozein  erakunderekin erlazionatutako  ardura  duen  edonork  ez luke hori ezeztatuko. Ideologia sexistaren eta emakumeen kontrako indarkeriaren arteko  lotura  zuzena  onartzearen  lehenengo  ondorioa  da edozein  sexismo adierazpenen aurrean gizarte tolerantziarik ez erakustea. Hala eta guztiz ere, gaur egun,  gure  inguruan,  Euskadin,  gizarteak  eta  erakundeek,  ez  bada  bermatzen, gutxienez  onartzen  dituzten  emakumeenganako  adierazpen  sexistak,  bai  eta diskriminatzaileak ere, daude.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra galarazten duten oztopoak kentzera  zuzenduta  dauden  ekimen  publiko  asko  daude.  Horietako  batzuk, hezkuntzaren  arloan, espresuki  ideologia  sexista  errotik  kentzea  sustatzera bideratuta  daude.  Izan  ere,  hori  da  oraindik  ere  gaur  egun  gure  gizartean matxismoa  elikatzen  duen  oinarri  ideologikoa aldatzeko  behar  dena.  Baina, zoritxarrez, sexismoaren adierazpen bakar bat onartuz gero, erakundeen eta, beraz, kolektibo  oso  baten  ahalegin  goraipagarriaren  sendotasuna kolokan  jartzen  da. Hortaz,  mesedez,  horren  gaineko  benetako  gogoeta  egin  dezagun.  Ideologia matxista aldatzeko, botere publikoek gizarteari argi eta garbi hitz egin behar diote; kontraesankorrak   eta   anbiguoak   diren   mezuek   matxismoaren   jarrera fundamentalistak indartu besterik ez dituzte egiten.

Bestalde, nahitaezkoa da indarkeria pairatzen eta jakinarazten dutenei erakundeek ematen dizkieten erantzunen panoplia ikaragarria etengabe ebaluatzea. Erakundeak horren inguruan oso kontzientziatuta daude eta, hori dela eta, helburu hori lortzeko tresnak  antolatu  dira.  Edonola  ere,  indarkeriaren  biktima  izan  diren  eta  bizirik jarraitzen duten emakume horiekin zer gertatzen den galdetu beharko genioke gure buruari.  Nola  bizi  ote  dira?  Nola  sentitzen  ote  dira  eskaintzeko  gai  ez  garen gizartearen  eta  erakundeen  laguntza horri dagokionez?  Hori  ebaluatzeko  neurrien hartzaileak  direnei  galdetzea  beharrezkoa  da.  Erakunde  honetara  heltzen  diren zenbait  kexek  agerian  jartzen  dute  emakume  horietako askok  oraindik  ere sekulakoak  pairatzen  dituztela.  Oinazealdi  horren  ondorioz,  kasu  batzuetan, erakundeen erantzunaren aurrean etsipena adierazten dute. Izan ere, ez diete ezer eskaintzen  edo  euren  arazoentzako  egokiak  diren  irtenbideekin  ez  dute  behar bezala  asmatzen.  Halaber,  noizbait  aitortu  dute  salatu  izanaz  damutzen  direla, horrek  ez  baitie eman autonomia  eskaintzen  dien bizitza  hasteko  aukerarik,  ezta biktimizazioaren  ingurunetik  ateratzeko  aukerarik  ere.  Zenbait  arrazoi  direla-eta (askotan formalak)  emakume horietako  askok  ez  dituzte betetzen prestazio  jakin batzuen  onuradunak  izateko  aukera  ematen  dieten  baldintzak  eta,  ondorioz, amaierarik gabeko bide luzeak egin behar izaten dituzte laguntza horren bila. Hala ere,  ez  dute  behar  dutena  aurkitzen.  Kasu  batzuetan  hala  gertatzen  da,  ez guztietan, baina agerian jarri behar da hain esparru sentikorrean erantzun bereizia emateko premia. Esparru horretan, jokoan emakumeen osotasun fisiko eta morala baitago, hain zuen.  

Jorratu  beharreko  beste  alderdi  bat:  emakume  etorkinen  aurkako  indarkeria  nola gelditu. Kulturari eta ideologiari dagokionez, gure gizartea ez da homogeneoa. Izan ere,  hainbat testuingurutan  sexismoa  kulturan  zabalduago  dago,  hala  nola, ideologia  matxista  gizartean  nagusiagoa  den  herrialdeetatik  datozen  pertsonen artean.  Genero  indarkeriaren  estatistiken  arabera, biktima  moduan,  emakumezko etorkinak nagusitzen dira. Egiaztapen horren ondorioz, arreta berezia eman behar da prebentzioaren esparruan eta emakume horiei babes gehiago eman behar zaie. Izan  ere,  hizpide  ditugun  emakume  horiek,  gainera, bereziki  ahulak  dira,  euren egoera sozioekonomikoak aintzat hartuta.

Horrez gain, genero indarkeriak tratu txarrak jasotzen dituzten emakumeen seme-alabengan  dituzten  ondorioengatik  kezkatuta  gaude, askotan  indarkeria  mota horren  bigarren mailako  edo  zuzeneko  biktima  gisa  agertzen  baitira.  Horregatik, familia  barruko  indarkeria  testuinguruetan  adingabeak  babesik  gabe  gera  ez daitezen prebenitu behar da, baita arazo horri espresuki erantzuna emango dioten neurriak artikulatu ere.  

Ildo horretan, botere publikoek genero indarkeriaren aurkako borrokaren buru izan behar  dute,  zalantzarik  gabe.  Halaber,  gizarteak  adierazpen  oro  dudarik  gabe gaitzesten  duela  rmotasun  osoz  adierazi  behar  du, ez  bakarrik  indarkeriaren ingurukoak -haren dimentsio guztietan-, baita matxismoaren ingurukoak ere. Izan ere, ez dugu ahaztu behar matxismoa hainbat modutan gauza daitekeela: batzuk bistakoak dira, hala nola, emakumeak mespretxatzea edo bereiztea; beste batzuk ez  dira  hain  agerikoak,  hala  nola,  sexuen  arabera estereotipatutako  egitekoak esleitzea eta, beste batzuk are burutsuagoak, adibidez, neskatilak eta emakumeak ikusezin  bihurtzea  edo  bigarren  mailako  funtzioak  egin  ditzaten baztertzea, erabakitzeko edozein ahalmenetatik salbuetsita -bizitzaren zenbait alderditan-.

Guztiok pentsa dezakegu horretan. Egin dezagun gaur ahalegin hori.

Iñigo Lamarca, arartekoa, Julia Hernandez, ondokoa, eta Maria Luisa Aguirretxe, emakumeen berdintasun eta osotasun fisikoaren arloko koordinatzailea