Skip to main content
  • 2010ean hasi zuen bere ibilbidea Arartekoko Haur eta Nerabeen Kontseiluak. Parte hartzeko esperientzia bat da, neska-mutilek eta nerabeek entzunak izateko duten eskubidearen adierazpena.

    Urtemuga hori ospatzeko, Nazio Batuen Batzar Nagusiak Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena onartu izana gogoratzeko esparruan, Arartekoko Haur eta Nerabeentzako Bulegoak ekitaldi bat antolatu du, ospakizun ludikoa eta ekimen hori hezurmamitu duten pertsonen topaketa nahastuko dituena. 

    Ekitaldia Bilborock-en (Bilbo) egingo da, azaroaren 13an (osteguna),  eta bertara joango dira Arartekoko kontseilari izan ziren gazteak, orain Kontseiluko kide diren nerabeak, zenbait lankide eta partaidetza-organo hori abiaraztea bultzatu zuten erakundeko langile batzuk, izan ere, orain, 15 urte geroago, errealitate bihurtu da.

    Arartekoko Haur eta Nerabeen Kontseilua 14 eta 18 urte bitarteko 24 neska-mutilek osatzen dute. Euskadiko hainbat herri eta hiritakoak dira eta aldizka elkartzen dira, urte horretako aukeratu duten gaia lantzeko, beti beraien eskubideekin lotutakoa. 

    Europako beste herrialde batzuetako neska-mutilekin ere partekatzen dituzten beren gogoetak, ENYA proiektuaren barruan (European Nator of. Young Advisors) eta Haurren Defentsa-erakundeen Europako Sareko (ENOC) nerabeen kontseiluetan, sare horretako partaide baita Arartekoko Haur eta Nerabeentzako Bulegoa.

    Eta, zenbaitetan, beste erakunde batzuen (udalak, Eusko Jaurlaritza, eta abar) ekimenetan parte hartzen dute, haur eta nerabeei dagozkien gaiez beren ikuspuntua  emanez.

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 12a
     

  • Kexa bat jaso eta aztertu ostean, Arartekoak ebazpen bat bidali zion Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari, non gomendatu baitzion susta zezala Euskadin angularen arrantzari buruzko araudia berrikustea, aingira europarraren populazioa berreskuratzeko Europar Batasuneko zuzenbidetik eratortzen diren neurrietara egokitzeko.

    Erantzun gisa, Arartekoak Arrantza eta Itsasertzaren Garapeneko sailburuordearen lehen txostena jaso zuen, non sail horrek gomendio horretaz zuen iritzia helarazi zuen. Bertan, onartu zen garrantzitsua dela etorkizuneko garapen-arauak txosten tekniko eta zientifiko eguneratuetan oinarritzea eta partaidetza publikorako tresnak jartzea, herritarrek eta interesa duten elkarteek horietan ordezkariak izan ditzaten.

    Oraintsu, Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak erabaki du 2025-2026 aldirako angula arrantzatzeko kanpaina etetea. Neurri hori Itsasoa Ikertzeko Nazioarteko Kontseiluaren (ICES gaztelaniaz) eta AZTIrem txosten zientifikoetan oinarritzen da (txosten horiek aingira europarra oso egoera larrian dagoela egiaztatzen dute),baita erakunde honen gomendioan ere. Gainera, erabakiak lan-foro bat sortzea aurreikusten du, erakundeen, zientziaren eta arrantza-sektorearen partaidetzarekin, angularen arrantza kudeatzeko plan berri bat egiteko, 2010ean onartutakoa ordeztuko duena.

    Arartekoak on deritzo erabaki horri, izan ere, bat dator Europako irizpide tekniko eta zientifikoekin. Erakunde honek nabarmendu duenez, angula kudeatzeko neurriek irizpen zientifiko independenteetan oinarritu behar dute eta Aingira Europarra  Kudeatzeko indarreko Planaren helburuekin bat etorri behar dute. Horrez gain, arrantza-politika definitzeko interesa duten erakunde eta elkarteen partaidetza ziurtatu behar dute.

    Nolanahi ere, defentsa-erakunde honek gogorarazi du azken urteotan jolas-jarduera soilik izan den lurralde batean arrantza profesionala sortu nahi bada, justifikazio tekniko eta ekonomiko nahikoa behar dela, iritzi zientifikoek bermatutakoa, espezie hori berreskuratzeko aukera egokiena dela babesten duena.

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 11a
     

  • Urriaren 23an, Estrasburgoko Auzitegiak A.J. eta L.E. Espainiaren aurka auziei buruzko erabakia eman zuen. Erabakian Espainia zigortzen du, mendekotasun kimikoagatik bortxatuak izan zirela salatu zuten bi emakumeren kasuan ikerketa eraginkorrik ez egiteagatik. Auzitegiak ondorioztatu du ikerketan emandako akatsek urratu egin zituztela —prozeduraren alderdian— demandatzaileen aurkako tratu ankerrak eta iraingarriak debekatzea eta haiek bizitza pribaturako duten eskubidea, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 3. eta 8.en artikuluek babestuta. 

    Kasuaren aurrekariak 2016koak dira, orduan bi emakumek salatu baitzuten bortxaketa jasan zutela Iruñean, mendekotasun kimikoagatik. Joan ziren osasun-zentroak sexu-erasorako protokoloa aktibatu zuen, eta gertatutakoaren berri eman zion Polizia Nazionalari. Poliziak ikerketa abiatu zuen, eta susmagarriak atxilotu egin zituzten, zeinek sexu-harremanak izan zituztela aitortuta, baimena eman zietela argudiatu zuten. Ikerketan zehar, akusatuetako bat ikerketa-unitateko agente baten koinatua zela jakin zen, eta prozesuan zehar funtsezko frogak galdu edo manipulatu ziren.

    Zigor-arloko prozesuan, instrukzio-epaitegiak, demandatzaileen testigantzak sinesgarritzat jo arren, susmagarriak ez auzipetzea erabaki zuen, froga eztabaidaezinik ez zegoelako. Frogen erabileran izandako irregulartasunengatik kausa bereiziak ireki baziren ere, batek ere ez zuen aurrera egin. Urte batzuk geroago, prozesuaren kausa nagusia behin betiko artxibatu zen, ez baitzen egiaztatu substantziak ematea edo baimenik ez ematea arrazoizko zalantza orotatik haratago. Epaitegiek onartu zuten irregulartasunek eta froga digitalen desagerpenak "eragin handia" izan zutela ikerketan, baina diligentziak zehatzak izan zirela ondorioztatu zuten.

    Bere erabakian, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ondorioztatzen du Espainiako agintariek ez zutela ikerketa eraginkorrik egin, bereziki funtsezkoak izan zitezkeen frogak sistematikoki galdu eta manipulatu zirelako, ikerketan independentzia nahikoa bermatu ez zelako eta akats horien aurrean erantzun nabarmen desegokia eman zelako, "akats isolatuak" edo ikerketan egindako omisio txikiak gainditzen zituztelako. Agintariek egindako jarduerek ez zuten lortu mendekotasun kimikoaren salaketetarako funtsezkoak ziren frogen galera konpentsatzea. Gainera, poliziaren jokabide txarrari buruzko ikerketak denbora luze baten ondoren hasi ziren, eta jatorrizko ikerketa gainbegiratu zuten organo judizial eta polizialen esku utzi ziren.

  • Donostiako Udalari bidalitako ebazpen batean, Arartekoak udal horri eskatu dio berrikus ditzala bere laguntza-bulegoen jardunbideko alderdi batzuk erregistro arloan, agiriak aurrez aurre erregistratzen direnean berme juridikoak eta prozeduren segurtasuna hobetzeko.

    Ebazpenean honako gai hauekin lotutako udal jardunbideak aztertu dira: sinadura tabletan, agirien digitalizazioa eta herritarren arretarako bulegoetara joaten direnen nortasuna egiaztatzea.

    Lehenik, Ararteko erakundeak bereizi egiten ditu, batetik, sinadura interesdunaren borondatea edo adostasuna adierazteko bide gisa erabiltzea, eta bestetik, sinaduraren erabilera legez nahitaezkoa den kasuak. Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen arabera, nahikoa da identifikatzea administrazioaren aurrean jardun gehienak egiteko, eta sinadura eska daiteke soilik eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak edo komunikazioak aurkezteko, errekurtsoak jartzeko edo atzera egiteko eta eskubideei uko egiteko. Horregatik, ez da bidezkoa sinadura oro har ezartzea, eta hori eskatzen denean (eskuz idatzitakoa edo elektronikoa), interesdunak sinatu duen edukiaren egiaztagiri osoa eta egiaztagarria jaso duela bermatu behar da.

    Bigarrenik, defentsa-erakunde honek azpimarratu du digitalizazio-prozesua ezin dela agiriak eskaneatzera mugatu, baizik eta balio juridiko osoa duten benetako kopia elektronikoak sortu behar dituela, edukiaren osotasuna, benetakotasuna eta trazabilitatea bermatuz. Ildo horretan, egiaztatzeko sistemak jar daitezen gomendatu du, adibidez, egiaztapen-kode segurua (EKS), erregistro-egiaztagiriak eta emandako agiriak benetakoak direla egiaztatu ahal izateko.

    Orobat, Donostiako Udalari iradoki dio hausnar ditzala tabletan jasotako sinaduraren izaera eta ondorio juridikoak, sistema horrek sinadura elektronikoen legezko baldintzak betetzen dituela ziurtatzeko, eta pertsonaren borondatearen eta agiri oso eta aldaezinaren arteko lotura berma dezala.

    Azkenik, Arartekoak gogorarazi dio nortasun agiri nazionala edo pareko agiria erakutsiz identifikatu behar direla aurrez aurre agiriak aurkezten dituzten pertsonak, eta ez dela beharrezkoa eskaneatzea edo kopiak gordetzea, izan ere, egiaztapenerako bitarteko elektroniko elkarreragingarriak erabili behar dira, seguruagoak eta datuen babesa hobeto errespetatzen dutenak.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 5a
     

  • Arartekoak izapidetzeko onartu zuen Uribitarte Anaitasuna auzo-elkarteak egindako kexa bat. Elkarteak Zabalguneko udal-aparkalekuari buruzko informazioa eskatu zion Bilboko Udalari, eta hark datu-taula baten bidez erantzun zion, ebazpen formalik eman gabe. Gero, Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeari (IPSEB) ere idatzi zion; hark onartu egin zuen elkartearen kexa, eta udalari eskatu zion eman zezala aparkalekuen itxaron-zerrendan zeuden Abando auzoko biztanleen zerrenda anonimizatua. 

    Arartekoaren iritziz, udalak ez zuen eskaera epe barruan eta behar bezala ebatzi, eta ez onartzeko arrazoi bat aipatu zuen epez kanpo, ustezko “informazioa berriz lantzean” oinarrituta, nahiz eta IPSEBek ordurako interpretatuta zuen elkarteak baliatutako eskubidearen mamia eta irismena. Era berean, azpimarratu du udalak prozeduran zehar ez ziola IPSEBi alegaziorik aurkeztu, eta horrek mugatu egin zuela bere defentsarako eskubidea, baita ere informazioa eskuratzeko eskubidea bermatzen duen organoarekin behar bezala lankidetzan aritzea. 

    Arartekoaren ebazpenak gogorarazten du informazio publikoa lortzeko eskubidea gardentasunaren, motibazioaren eta legeriak ezarritako epeak errespetatzearen printzipioen arabera gauzatu eta ebatzi behar dela, eta IPSEBek bere iritzia azaldu ondoren, haren edukiarekiko desadostasuna bide jurisdikzionaletatik bideratu behar dela, eta ez gai berari buruzko administrazio-ebazpen berrien bidez. 

    Beraz, erakunde honek Bilboko Udalari gomendatzen dio epe barruan eta arrazoitutako ebazpen baten bidez izapidetu ditzala informazioa lortzeko eskaerak, behar bezala justifika dezala eskaerak ez onartzeko edozein muga edo arrazoi, eta IPSEBen eginkizunak errespeta ditzala eta harekin aktiboki elkarlanean aritu dadila, haren ebazpenak betez edo legez aurreikusitako bideetatik aurkaratuz.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 30a
     

  • 2025eko urriaren 7an, Europako Kontseiluak Pertsona intserxualen eskubide berdintasunari buruzko Ministroen Batzordearen CM/Rec (2025)7 Gomendioa onartu zuen. Gomendioak pertsona intersexualen eskubideak berdintasunez babesteko, errespetatzeko eta gozatzeko ikuspegi integral bat proposatzen du, eta Sexu-orientaziogatiko edo genero-identitateagatiko diskriminazioari aurre egiteko neurriei buruzko CM/Rec (2010)5 Gomendioa osatu eta zabaldu nahi du. 

    Gomendioak argi eta garbi eskatzen die agintariei baimendu gabeko esku-hartze medikoak debekatzen dituzten lege eta politika publikoak har ditzatela, eta bermatu dezatela haur intersexualen edozein esku-hartze atzeratu egingo dela beren kabuz erabaki ahal izan arte. Era berean, arreta medikoa jasotzeko aukera zuzena ematea gomendatzen du, bai eta bizitzako esparru guztietan pertsona intersexualen indarkeria, diskriminazioa eta bazterketa prebenitzea ere.

    Europako Kontseiluak gomendioaren alderdi hauek nabarmendu ditu:

    • Pertsona intersexualen esperientzia, erronka eta ahultasun bakarrak ezagutzen ditu, diskriminazioa, estigmatizazio, marjinazioa, gizarte-bazterketa eta indarkeria barne, sarritan patologizazioan eta sexualitatearekin eta generoarekin lotutako estereotipoetan errotuak, ongizate fisikoari eta mentalari larriki eragiten diotenak.

    • Baieztatzen du pertsona intersexualen giza eskubideak berdintasunez babestu, errespetatu eta gozatzeko, ikuspegi integralak eta koherenteak behar direla, sektore guztietan egokiak diren legeria, politikak eta bestelako babes-neurriak barne hartzen dituztenak, modu eraginkorrean aplikatzen direnak eta aldian-aldian berrikusten direnak, datuen bilketaren eta azterketaren laguntzarekin.

    • Pertsona intersexualen eta haien erakundeen parte-hartzen esanguratsuaren garrantzia nabarmentzen du, Estatuen ahalegin iraunkorrekin eta maila guztietako erakunde eta gizarte zibileko lankidetzarekin batera. 

    • Nazioko, Europako eta nazioarteko elkarrizketa eta lankidetza sustatzen ditu, pertsona intersexualen berdintasunean eta duintasunean aurrera egiteko.

    Gomendioekin batera aurkeztu ohi den azalpen-memorandumak nabarmentzen du Espainia dela tratamendu edo/eta ebakuntza mediko edo kirurgikoak murrizteko legeria espezifikoa onartu duen estatu kide bakarretakoa, ukitutako pertsona intersexualaren baimen espezifiko, oso, aske eta informaturik ez dagoenean (Transen Berdintasun Erreal eta Eraginkorrari eta LGTBI Pertsonen Eskubideak Bermatzeari Buruzko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 19. artikuluari erreferentzia eginez). Azpimarratu du, halaber, Espainia dagoela pertsona intersexualak esplizituki babesten dituen herrialdeen artean, sexuaren ezaugarria babestutako arrazoi gisa hartuta, diskriminazioaren aurka enpleguan, bai eta ondasunak eta zerbitzuak ematean ere.

     

  • Egoitza elektronikoko mantentze-lanetarako oharra Hobekuntza- eta mantentze-lan teknikoak direla eta, jakinarazten da azaroan, egun hauetan eta 14:00etatik aurrera, Arartekoren egoitza elektronikorako sarbidea ez egongo dela erabilgarri:

    Egunak:

    • Azaroak 4, asteartea
    • Azaroak 6, osteguna
    • Azaroak 11, asteartea
    • Azaroak 13, osteguna
    • Azaroak 18, asteartea
    • Azaroak 20, osteguna

    Egun horietan, ezingo dira izapide elektronikoak egin gure egoitza elektronikoaren bidez.

    Barkamena eskatzen dizuegu eragozpenengatik eta eskertzen dugu zuen ulermena. Zerbitzu seguruago eta eraginkorrago bat eskaintzeko lanean ari gara.

    Edozein zalantza edo arreta-behar izanez gero, gure arreta presentzialeko bulegoetara jo dezakezu, edo gure webgunean eskuragarri dauden telefono eta posta elektronikoko kanalak erabili.

Osasuna

Vitoria-Gasteiz
Ararteko

2025eko urriaren 10a

Arartekoak azpimarratu du detekzio eta arreta goiztiarrak funtsezko garrantzia duela, haur eta gazteen artean sor litezkeen osasun mentaleko arazo berriei aurrea hartzeko

ES-2025R-2832-24.pdf
Ararteko

Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuari gomendatzen zaio pertsona transexual baten osasun-laguntzako eskubidea modu eraginkorrean bermatu dezala.

ES-2025IR-3490-24.pdf
Ararteko

Arartekoak bere jarduketa amaitu du jarduera altua gordetzen duen oin gehigarriaren prestazio ortoprotesiko baten eskaera ezetsi zela salatzeko jarri zen kexari dagokionez.

Vitoria-Gasteiz
Ararteko

Arartekoaren iritziz, pazienteak Arrasateko Aita Menni ospitaleko hartutako kalte zerebraleko unitate itundura bideratzeko asmoz Osasuneko lurralde ordezkaritzek onartu zituzten protokoloak diskriminatzaileak izan zitezkeen, adinagatik edo “adinkeriagatik”

ES-2024R-1275-22.pdf
Ararteko

Osakidetzari gomendatzen zaio adingabe baten gurasoei adingabearen osasun karpetara sartzeko aukera eman diezaiela.

ES-2024R-1737-21.pdf
Ararteko

Osasun Sailari gomendatzen zaio ezabatu dezala Osasun Lurralde Ordezkaritzek Aita Menni Ospitaleko hartutako kalte zerebraleko itunpeko unitatera pazienteak bideratzeko onetsita dituzten protokoloetako adin-mugak (ustezko adinkeria-kasua delako), eta legezko tresna egokienaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidego osoan aplikatzeko protokolo bakarra onetsi eta argitaratu dezala.

22835
Ararteko
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari gomendatzen zaio pertsona transexual baten osasun-laguntzaren eskubidea berma dezala.
22802
Ararteko

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari gomendatzen zaio ziurta eta ordain ditzala pertsona batek prestakuntza-jarduera batzuetan irakasle gisa emandako 168 orduak.