Giza Eskubideen Europako Auzitegiak giza eskubideen urraketa bat aitortu du Espainiaren aurka ebakuntza kirurgiko baterako baimen informatu faltagatik

Kasu honetan, ume batek hiru ebakuntza kirurgiko izan zituen garuneko tumore baten ondorioz. Ebakuntzen ostean bere osasun fisikoa eta neurologikoa asko narriatu ziren eta egoerak dagoeneko ez zuen konponbiderik: paralisi orokorra eragin zioten. Gurasoek beren autonomia erkidegoko osasun zerbitzua salatu zuten eta kalte ordain bat eskatu zuten. Alegatu zutenaren arabera, ez zuten baliozko baimen informaturik eman hiru ebakuntzetako bigarrena egiteko, izan ere, informazioa eta baimena ahoz eman ziren, soilik, eta ez idatziz. Hala ere, Justizia Auzitegi Nagusiak eta Auzitegi Gorenak salaketa ezeztatu zuten. Konstituzio Auzitegiaren aurrean aurkeztu zuten babesteko errekurtsoa ez zen izapidetzeko onartu.

Bere Epaian Giza Eskubideen Europako Auzitegiak jaso du Espainiako pazienteen eskubideei eta autonomiari buruzko araudiak (eta hura aplikatzea informazioan aipatutakoari dagokionez) Giza Eskubideei eta Biomedikuntzari buruzko Hitzarmena ezarritako baldintzak betetzen dituela. Bereziki, azpimarratu du beharrezkoa dela baimena ematea, idatziz, jarduketa mediko bakoitzerako. Nolanahi ere, gurasoen salaketaren berri izan zutenean, Espainiako auzitegiek azaldu zuten bigarren ebakuntzak oso lotura estua zeukala lehenengoarekin, baina ez zuten arrazoitu zergatik uste izan zuten bigarren ebakuntzarako ez zela berariazko idatzizko baimenik behar. Bi ebakuntza horiek helburu bera bazuten ere (behin betiko tumorea kentzea), bigarrena hilabete beranduago egin zen, eta pazientearen osasun egoera bestelakoa zen. Gurasoek zalantzarik gabe baimena eman zutela dioten zantzuetan (medikuek gurasoekin etengabeko harremana izatea, espedientean oharrak jasotzea) oinarritu dira Espainiako auzitegiak, baina zantzu horiek ez dira nahikoak Europako Auzitegiarentzat.

Europako Auzitegiak gogorarazi du zein garrantzitsua den pazienteen baimena izatea, izan ere, hura ez izateak estatuaren erantzukizuna ekar dezake. Kasu honetan, Espainiako organo judizialen aurrean gurasoek azaldutako baimenari buruzko gaiek ez zuten behar bezalako erantzunik jaso. Europako Hitzarmenak ez du eskatzen, berariaz, idatzizko baimena egoteko, baldin eta baimena zalantzazkoa ez bada. Hala ere, Espainiako araudiaren arabera idatzizko baimena eman behar da, hortaz, organo judizialek behar bezala arrazoitu beharko dute zergatik baimen hori ez egoteak ez dituen urratzen pazientearen eskubideak kasu honetan.

Europako Auzitegiak aitortu du Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 8. artikulua urratu dela (bizitza pribatua eta familiakoa errespetatzeko eskubidea) eta gurasoei 24.000 euroko kalte ordaina eman die. Gainera, gurasoek beren errekurtsoa ezeztatu zuen Auzitegi Gorenaren Epaia berrikustea eska dezakete.