Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXVII. Jardunaldiak

Buru-gaixoak babestea

Iñigo Lamarca arartekoak, erakundeko ordezkari batzuekin batera, Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXVII. Jardunaldietan parte hartu zuen, Zaragozan. Foro horretan elkartzen dira urtero autonomia erkidegoetako herriaren defendatzaile guztiak eta Estatukoa, elkarri beren esperientziak eta ideiak adierazteko eta defentsa-erakunde guztien funtzionamenduarekin eta helburuekin lotutako alderdiak eztabaidatzeko, gai eta arazo komunak lantzeaz gain.

Aurtengo edizioan buru-gaixoak babestea zuten aztergai. Urtean barrena egin dituzten prestakuntza-lantegietan ateratako ondorioak jorratu zituzten, azkenean botere publikoei hausnarketa edo proposamen batzuk egiteko asmoz. Buru-gaixoaren trataera penal, prozesal eta penitentziarioaz eztabaidatu zuten, baita arlo horretako nahi gabeko tratamenduez ere. Jarraian, Buruko gaixotasuna eta gazte eta helduen talde bereziak izenburuaz Arartekoaren egoitzan egin zen lan-saioan atera ziren ondorioak aztertu ziren.

Buruko osasunari lotutako arazoak dituzten haurrak, nerabeak eta adin handikoak biztanle-talde bereziki ahulak dira eta zailtasun handiagoak izaten dituzte baliabide publikoak eskuratzeko. Hala ere, euren komunitatean eskubide guztiak dituzten kideak dira eta, horregatik, botere publikoek haien eskubideak benetan gauzatzea ahalbidetuko duten baldintzak bermatu behar dituzte.

Kolektibo horien buruko osasunari kasu egitea ez dago bakarrik osasun arloko edo epailetzako kontuei lotuta, baizik eta euren benetako integrazioa ahalbidetzen duten kontu guztiei: ostatua, hezkuntza, lana, baliabide ekonomiko nahikoak izatea, estigma ezabatzea, etab.

Horregatik, lan-saio horretan, honelako gaiak landu ziren:

· Kolektibo horien buruko osasunari eskaintzen zaion arretan antzemandako akatsak eta hobetzeko proposamenak.
· Haurren, nerabeen eta gazteen portaera-nahasmendua, elikadura-nahasmendua, arretarik eza eta hiperaktibitatea, nortasun-nahasmendua eta autismoa.
· Buruko osasunari lotutako arazoak dituzten adinekoak direla eta, arazo horiek beren funtsezko eskubideetan duten eragina.
· Buruko gaixotasuna duen adinekoaren tutoretza.
· Alzheimer izeneko gaixotasuna.


Vitoria-Gasteiz, 2012ko ekainaren 21a