Hizkuntza Komisarioen Nazioarteko Elkartearen biltzarra

Ararteko erakundeak antolatuta, irailaren 7an eta 8an Hizkuntza Komisarioen Nazioarteko Elkartearen (IALC) zazpigarren urteko biltzarra izango da, Bilbon. Gero, ostiralean, hilak 9, elkarte horretako kideek urteko bilera orokorra egingo dute.

Manuel Lezertua arartekoak eta Raymond Théberge Kanadako Hizkuntza Ofizialen komisarioak emango diote hasiera topaketa horri, non honelako gaiez eztabaidatuko baita: COVIDaren eragina eremu urriko hizkuntzetan, gizarte-sareek hizkuntza-komisarioei dakarzkieten erronkak, edo hizkuntza ofizialek zer eginkizun duten herriaren defendatzaileen betekizunen testuinguruan.

Herrialde eta eskualde askotako zenbait ordezkarik hartuko dute parte biltzar horretan, eta Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria ere bertan izango da.

Legeak zenbait eginkizun eman dizkio Ararteko erakundeari, besteak beste, euskararen eta gaztelaniaren ofizialkidetasunak berekin dakartzan herritarren hizkuntza-eskubideak babestea. Lan hori beste herrialde batzuetako antzeko erakundeekin batera egiten du, eta erakunde horiek IALC elkartean bilduta daude. 

IALC elkartearen zeregina hauxe da: berdintasuna, aniztasuna eta hizkuntza-eskubideak sustatu eta bultzatzea mundu osoan, eta hizkuntza-komisarioei babesa ematea, lanbide-maila gorena lortu ahal izan dezaten baliabide hauek erabiliz:

•    Hizkuntza-komisariotzak sortzeko orduan, aholkuak ematea.
•    Prestakuntza, lanbide garapen, ikerketa eta informazio arloetan, elkarri baliabideak ematea erraztea. 
•    Lankidetzan aritzea aniztasuna eta hizkuntza-eskubideak sustatu eta babestea helburu duten tankera bereko erakundeekin.
•    Hizkuntza-komisarioen eginkizuna eta garrantzia hobeto ezagutaraztea, eta gobernuei, Estatuko agentziei, akademikoei, hedabideei eta biztanleei, oro har, horretaz ohartaraztea.
•    Hizkuntza-komisariotza bat sortu nahi duten edo hizkuntza-eskubideak sustatu nahi dituzten eskualdeei laguntzea.
•    Azterlan enpirikoak elkarrekin partekatzea, hizkuntza-eskubideak bultzatzeko asmoz.


Vitoria-Gasteiz, 2022ko abuztuaren 31