Lanaldia "Herriaren Defentsa-Erakundeek krisialdi ekonomikoari emandako erantzunez"

Herriaren defendatzaileak lanaldia egiten ari dira gaur, Sevillan, "Herriaren defentsa-erakundeek krisialdi ekonomikoari emandako erantzunez".

Hasieran finantza-krisi konplexua zena, azkenean atzeraldi ekonomiko sakona bihurtu da eta gure gizarteko sektore guztiei eragin die. Beste askotan gertatzen den bezala, gutxien daukatenak dira egoera horregatik gehien ordaintzen ari direnak eta, gainera, horiexek hartu dute parte gutxien krisialdia sortzen.

Gaur egun, herritarrak, oro har, botere publikoei begira daude eta erantzun eraginkorrak exijitzen dizkiete. Konpromiso horretan, herriaren defentsa-erakundeek gizarte eta ekonomia arloetan egoerarik txarrenean dauden taldeen eskubideak babesten dihardute.

Iñigo Lamarca arartekoa jardunaldi horietan esku hartzen ari da. Honatx jardunaldiaren helburuak:

- Azken urteotan jasotako kexen bitartez, aztertu nahi da krisialdi ekonomikoak pertsonen bizitzan eta beren eskubiderik oinarrizkoenetan izandako inpaktuak zer-nolako bilakaera izan duen.
- Erantzuteko ekintzak eta erronka berriak definitu nahi dira, herriaren defentsa-erakundeen jarduerarako.
- Legeek eta estatutuek agindutakoak betetzeko konpromisoa berretsi nahi da, herritarren oinarrizko eskubideak erabat bete daitezen zaintzeko, batik bat egoera latz honek dirauen bitartean.


Vitoria-Gasteiz, 2011ko azaroaren 8a