Lanbidek kontuan hartu du Arartekoaren gomendioa, eta berriz aztertuko du aldi batean mantenu-pentsioa osorik ordaindu ezin izan zuen herritar bati DSBEa eteteko erabakia

Herritar batek Arartekora jo zuen, izan ere, Lanbidek lehendabizi eten eta gero amaitu egin zion onartuta zeukan diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE), bere laneko sarreren osagarria, eta ezin zuen hura berriro eskatu urtebetean.

Kexagilea bigarren aldiz ezkonduta zegoen eta 2 seme-alaba adingabe zituen oraingo bikotearekin. Lehenbiziko ezkontzatik beste 5 seme-alaba zituen, zeinak bere bikote ohiarekin bizi ziren, hark umeen zaintza eta jagoletza esklusiboa baitzeukan, guraso bakarreko familia ugari gisa.

Judizialki berretsitako guraso eta seme-alaben arteko neurrien hitzarmen bat zeukaten eta, haren arabera, hilean 300 euroko mantenu-pentsioa onartu zitzien bere lehenagoko harremaneko seme-alabei. Hitzarmen hura kexagilearen bi seme-alaba gazteenak jaio baino lehen adostu zen eta ez zen eguneratu kexagilearen oraingo familia-kargak kontuan hartuta. 2010an hitzarmena sinatu zenetik, ia 10 urtean, kexagileak bete zuen hitzarmenean ezarritakoa, mantenu-pentsioa hilero ordaintzea barne hartuta.

Hala ere, iraupen luzeko depresio klinikoarekin zerikusia zuten osasun mentaleko arazoengatik, medikuaren baja hartu zuen. Horregatik, gutxituz joan ziren bizikidetza-unitatearen laneko diru-sarrerak, hilean 760 eurora hain zuzen, eta aldi batean ezin izan zuen mantenu-pentsioa osorik ordaintzen jarraitu. 

Kexagileak mantenu-pentsio txikiagoa ordaintzen jarraitu zuen, hilean 100 eta 200 euro bitartekoa, eta ez zuen auzibidean formalki eskatu guraso eta seme-alaben arteko neurriak alda zitzaten, izan ere, bere ustez, egoera hura aldi baterakoa zen eta medikuaren baja bukatzean lehengoratuko zen; patologia halakoa izanda, bere medikuak ere ezin zuen aurreratu baja horrek noiz arte iraungo zuen. Orobat, Lanbideri jakinarazi eta egiaztatu zion laneko bere diru-sarrerak gutxitu egin zirela.

Hala eta guztiz ere, Lanbidek lehenbizi aldi baterako eten eta gero amaitu egin zion familiak onartuta zeukan DSBEa, eta ezin zuen berriro eskatu urtebete igaro arte.

Arartekoak bere gomendioan adierazi zuenez, Lanbidek hartutako erabakia ez zen arrazoizkoa. Nabarmendu zuen ez zituela balioetsi prestazioaren titularraren inguruabar zehatzak, eta ez zituela aintzat hartu hark aurkeztu zizkion informazioa eta agiriak une hartan familiak aurre egin beharreko arazoak egiaztatzeko.

Gainera, hauxe azpimarratu zuen: egoera hartan, administrazioak ez zuela aukeratu behar, inolaz ere, kexagilearentzat eta ekonomikoki haren mende dauden 9 pertsonentzat zailena zen hautabidea. 

Lanbidek jakinarazi du kontuan hartu dituela Arartekoaren gogoetak, onartzen duela gomendioa eta aztertuko duela interesdunak aldi horretan jaso beharko zituzkeen kopuruak ordaintzeko aukera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 15a