Prozedurak berraztertuko dira, txosten-eskaerei ahalik eta azkarren erantzuteko

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari osasun-txosten bat eskatu zion pertsona batek Arartekora jo zuen, ez baitzuen erantzunik jaso (sei hilabete erantzunik gabe).

Azaldu zigunez, Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari txosten bat eskatu zion, izan ere, bere bizilekuaren inguruko Galdameseko lurzati batzuk fumigatu zituztenean, produktu fitosanitarioen eraginpean egon zen eta horrek bere osasunerako zer ondorio izan zezakeen jakin nahi zuen. Erantzunik jaso ez zuenez gero, esku hartzeko eskatu zigun. Beraz, Osasun Sailari informazioa galdatu genion, kasu honetan egindako jardueren gainean.

Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak bidalitako txostenean adierazi zenez, orain dela gutxi, interesdunari txosten bat igorri zioten aipatutako lurzatietan egin ziren produktu fitosanitarioen fumigazioez. Idazkian adierazitakoaren arabera, ez zuten lehenago erantzuterik izan, osasun publikoko beste jarduera batzuk lehenetsi behar izan zituztelako. Edonola ere, ordezkaritzak adierazi zigun prozedura guztiak berraztertuko dituela, horrelako eskaerei ahalik eta bizkorren erantzuteko.

Kasu zehatz honi dagokionez, osasun-txostenean ondorio hau atera da: salatutako lurzatian, beharrezko osasun-erregistroa duen nekazaritza-jarduera egiten da. Ustiategi horretan, Bizkaiko Foru Aldundiaren Nekazaritza Sailaren kontrolpean aplikatu ziren produktu fitosanitarioak. Dena den, haren iritzian, ez da egiaztatu loturarik dagoenik ustez produktu fitosanitarioen eraginpean egotearen eta kexagilearen osasun-egoeraren artean.

Beraz, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak osasun-txostenaren eskaerari erantzun diola uste dugu eta on deritzogu bere erabakiari, hau da, prozedurak berraztertzea, horrelako eskaerei ahalik eta eperik laburrenean erantzuteko.


Vitoria-Gasteiz, 2014ko apirilaren 9a