SPRIren jarduera nahasgarri baten ondorioz, herritar batzuek ez zuten diru-laguntza lortzerik izan.

Herritar batek kexa aurkeztu zion Arartekoari, izan ere, SPRI-Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Sozietatea, S.A.k (SPRI, hemendik aurrera) ukatu egin zion eskuordenagailu bat erosteko diru-laguntza, Konekta Zaitez programaren barruan. Kexan azaldu zuenez, esku-ordenagailu bat erosi zuen 2000ko azaroaren 18an, Konekta Zaitez laguntzaprogramak ezarritako epea hasi arte (hilaren 27a) itxaron gabe, bada berak behar zuen ordenagailuak ez zituen beteko, inola ere, programaren iragarpenean ezarri ziren baldintza teknikoak, ez baitziren erabiltzaile arruntek betetzeko modukoak. Iragarpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, azaroaren 16an.

Hala ere, iragarpena argitaratu eta handik egun gutxira, esku-ordenagailuei exijitutako baldintza teknikoak nabarmen beheratzea erabaki zuen SPRIren Administrazio Kontseiluak. Baldintza berriak 2000ko azaroaren 24ko EHAAn argitaratu ziren.

Kexagileak adierazi zigunez, jakin izan balu hasierako baldintza teknikoak ez zirela iragarpen ofizialean argitaratutakoak izango, azken baldintza eta epeen arabera egingo zuen erosketa. Bere ordenagailua egokitzeko prest zegoen, legez eskatutako baldintza teknikoak bete zitzan, horrela programa horretan eskainitako onurak lortzearren.

Kexa aztertu eta gero, Arartekoak ondorio hau atera zuen: diru-laguntza jasotzeko programa eratzean hain aldaketa garrantzitsuak egitean, SPRIk hautsi egin zuela programaren baldintzak ezarri zituenean herritarrengan sortu zuen bidezko konfiantza. Konfiantza galtze hori ekiditeko, interesdunari diru-laguntza emateko gomendatu zion, baldin eta hark azkenean ezarritako baldintzetara egokitzen bazuen bere ordenagailua. Gomendioa ez zen onartu.

Vitoria-Gasteiz, 2002ko uztailaren 9a