VISIBILIDAD Y PARTICIPACION SOCIAL DE LAS MUJERES LESBIANAS EN EUSKADI

Arartekoak bultzatu eta Inmaculada Mujikak egindako ikerlana

Homosexualitateak EAEn bizi duen egoeran, azpimarratu beharrekoa da lesbianek gizartean duten ikusgaitasuna oso txikia dela. Lesbianen ikusgaitasun txiki hori da, hain zuzen ere, ikerlan honen jatorria eta arrazoia. Bere helburua ikusgaitasun eskas hori eragiten duten arrazoiak eta horrek lesbianentzat eta, oro har, gizartearentzat dituen ondorioak hobeto ezagutzea da.

Informazio iturri nagusia beren bizi kontakizunak lortzeko 18 emakume lesbianari egindako elkarrizketa sakonak izan dira. Elkarrizketa horiek biografikoak izan dira eta bizitzako oinarrizko aldien bidez (haurtzaroa, nerabezaroa, gaztaroa eta helduaroa) eta beren inguruneen bidez emakume lesbianen bizi esperientziak ezagutzera bideratuta egon dira.

Aukeratutako emakumeen lagina askotarikoa eta ausazkoa izan da. Lagin horretako emakumeak ez dira, inolaz ere, emakume lesbianen taldearen adierazgarritzat edo lesbiana tipotzat hartu behar.

Emakume lesbianentzat ikusgaitasuna ez da batere erraza. Ez horixe, emakumeek erakartzen dituztela sentitzen hasten direnean, ahalegin handia egin behar baitute "lesbiana naiz" esatera heldu ahal izan arte aurkitzen dituzten oztopoei aurre egiteko eta horiek gainditzeko. Oztopo horien artean daude beldur izatea, lotsatuta eta errudun sentitzea, desberdin, arraro edo ohiz kanpoko sentitzea, bakarrik edota homofobia barneratua sentitzea. Garrantzitsua da aipatzea oztopo horiek, guztiaren gainetik, beren gizartean oraindik antzeman daitezkeen aurreiritzien ondorioa direla.

Gizarteak mugatzailea eta, batzuetan, negatiboa izaten jarraitzen du lesbianismoa berdintasun, askatasun eta duintasunez bilakatzeko. Horrela, emakume lesbiana guztiek, beren adina edo estatus soziala edozein dela ere, prozesua gainditu behar dute beren burua lesbianatzat onartzeko eta beren kondizio sexuala ikusgai egin ahal izateko. Prozesu horiek bideraezina egiten dute zoriontsu izatea bizitzako garai jakin batean eta horrek arazo emozional eta psikologiko ugari eragin diezazkieke.

Ezin dira gay eta lesbianen esperientziak homogeneizatu. Lesbianak ez daude gay-en plano sozial, politiko, ekonomiko eta sexual berean kokatuta eta, horren eraginez, lesbianen ikusgaitasuna gay-ena baino askoz ere txikiagoa da. Hortaz, garrantzitsua da kontuan hartzea lesbianen errealitatea ez dela gay-enaren berdina.

Lesbianen ikusgaitasunerako eragozpen handi bat etxeko lanei, familiari eta zaintzei dagokienez emakumeengan erantzukizun handiagoa ezartzen dela da. Hiperrerantzukizun horrek oso garrantzitsuak diren bi ondorio ditu lesbianen sexualitatea garatzeko: batetik, emakumeek erraztasuna dutela norbere ongizateari, intimitateari eta sexu atseginaren bilaketari uko egin eta besteen interesen arabera jokatzeko; eta, bestetik, nabarmen murrizten dela emakumeek aisiarako izan ohi duten denbora, hau beharrezkoa izanik harreman afektiboak eta sexualak izateko.

Lesbianak neurri handiagoan daude ikusgai eremu pribatuan publikoan baino. Horrela, ikusgaitasuna are zabalagoa da eta hobeto gobernatzen da familian eta lagun taldean, esparru publikoan baino (lanean, bizilagunen artean, kalean, komunikabideetan, politikan edo enpresa-munduan). Lesbianen ikusgaitasun txiki hori bereziki nabarmena da eremu publikoan eta, horren ondorioz, ez dago emakumerik lesbianismoaren eta bere errebindikazioen buru izan nahi duenik. Gizartean lesbianen ikusgaitasuna oso txikia izatearen adierazgarri nagusia da ez dagoela emakume lesbianik eskala sozial, ekonomiko, kultural eta politikoko maila gorenetan.

Lesbianak ikusgai egiten diren gizarteko ingurune eta talde desberdinei dagokienez, muga askorekin jarduten dutela esan behar dugu, izan ere, jarraitzen duten joera heterosexista eta beren gizarte itxaropenak ez datoz bat lesbianen interesekin, horiek ez baitute sortzen diren egoerei aurre egiteko ohitura, arau edo eredurik. Ondorioz, lesbianek, ikusgaitasun mailetara heltzeko, aurrez ezarritako bizi gidoiak une oro zalantzan jarri eta hautsi behar dituzte eta horiek berridatzi eta beren egoerara egokitu behar dituzte. Hori kasuan kasuko testuingurua kontuan hartu gabe gertatzen da (familia, lagun taldea, lana, hezkuntza-sistema, bizilagunak, etab.).

Zenbait faktorek emakume lesbianen ikusgaitasuna faboratzen dute: gizarte eta lege arloko aurrerapenek, bai mass media delakoen bidez bai LGTBen eta feministen elkarteen bidez erreferentzia positiboak izateak, lesbianen "giroak", Interneteko txatek, jolas jarduerak egiteak eta emakumeen eta lesbianen eskubideekiko sentsibilizazioak. Faktore horien artean, honakoak azpimarratu behar dira: lesbianek osatutako lagun taldea izatea eta sexualitatearen inguruko arauei eta generoen eginkizun tradizionalei dagokienez jarrera kritikoa izatea.

Ondorengo emakume sektoreetan lesbianen ikusgaitasun maila hutsala edo oso txikia da: adinekoak, etorkinak, ijito arraza, ezgaitasun fisiko edo psikikoren bat duten emakumeak, gizonezko batekin ezkondutako emakumeak eta emakumezko transexualak. Sektore horietan, oso ohikoa da gizartean baztertuta eta egoera ahulean geratzea; gainera, horietan zailagoa da hurbileko inguruneek eta gizarte zerbitzuek lesbianismoa onartzea eta aukera gutxiago daude lesbianak sozializatzeko baliabideak lortzea. Ildo horretatik, garrantzitsua da kontuan hartzea lesbianek bizi dituzten gizarte egoera desberdinek berariazko premia eta ezaugarri batzuk barne hartzen dituztela eta, horien eraginez, aldatu egiten dela emakumeek lesbianen ikusgaitasuna kudeatzeko modua.

Azken hiru hamarkadetan aurrerapen handiak izan dira emakume lesbianen ikusgaitasunean. Hori lesbiana gazteen artean ikus daiteke bereziki, prest baitaude beren kondizio sexuala publikoki adierazteko. Beren kondizio lesbikoaz jabetzen direnetik bizi duten gizarte eta lege egoerari esker, lesbianismoa onartzeko prozesua azkarragoa eta arinagoa da eta baliabide gehiago eta askotarikoagoak dituzte prozesu horrek aurreko hamarkadetako lesbianengan bezainbesteko eraginik izan ez dezan ez nerabezaroan ez gaztaroan. Baina gazte lesbianen egoeraren analisia ezin da, soilik, aurrerapen horiek kontuan hartuta egin eta, lortutakotik abiatuta, aztertu egin behar izango da ea zergatik emakume askok, oraindik ere, ez duten beren sexualitateaz jabetzen diren unean bertan onartzen lesbianak direla eta, behin hala direla konturatuta, horietako askok oraindik bide luzea egin behar izaten duten, bakardadez eta isiluneez beteta eta erreferentzia positiborik gabe.

Hori da ikerlanaren alderdi deigarrienetako bat, aipatu ditugunen moduko funtsezko hainbat arazo aldatu ez direla erakusten baitu. Hori dela eta, gizartea eta bertako hainbat instantziak oraindik erronka handiak dituzte benetako berdintasuna lortzeko, aukera sexuala edozein dela ere, emakume lesbianen ikusgaitasun sozialak ez baitu emakumeen nahiz oro har gay eta lesbianen eskubideei dagokienez sozialki eta legalki egin denarekin batera aurrera egiten.


Donostia, 2008ko urtarrilaren 14a


Lotutako dokumentazioa

Visibilidad y participación social de las mujeres lesbianas en Euskadi