XIV. Trukaketa eta Sentsibilizazio Jardunaldiak, Argia Fundazioak antolatuak

Nahasmendu mentalagatiko desgaitasuna edo desgaitasun psikosoziala duten pertsonen eskubideak

Manuel Lezertua arartekoak jardunaldi horien hasiera-ekitaldian parte hartu du. Jardunaldiok Argia Fundazioak antolatu ditu, gune bat sortu nahi baitu Espainian desgaitasuna duten pertsonen eskubideak zenbateraino ezartzen diren aztertu eta hausnartzeko. Eskubide horiek desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haiek gizarteratzeari buruzko Lege Orokorrean jasota daude.

Euskadin desgaitasun psikosoziala edo nahasmendu mentala duten pertsonen eskubideak bermatzeko ikuspegia izan du ardatz nagusi arartekoaren mintzaldiak. Bertan, arartekoak nazioarteko eta Estatuko araudia errepasatu du. Nabarmendu du zein garrantzitsua den hirugarren sektorearen lana eta gizartearen eta botere publikoen sentsibilizazio eta inplikazio handiagoa sustatzea, desgaitasun mentala duten pertsonen eta aitortu zaizkien eskubideak erabat baliatzearen artean dauden oztopoak kentzeko ahaleginean. 

Lezertuak adierazi duenez “osasun-estrategia jakin batean sakontzen jarraitu behar da. Estrategia horrek bere baitan hartuko du osasun mentalari buruzko berariazko jarduera-plan bat, eta laguntza-zerbitzu soziosanitarioen sare egokia izango du; gaixotasun mentalak berekin dakarren estigmaren kontra borrokatzen jarraitu behar da; eskola barneratzaile eta osasungarriak sustatu behar dira; eta zerbitzu espezializatuak, diziplina anitzekoak eta ikuspegi komunitarioa dutenak garatu behar dira”.

Nahasmendu mentalagatik desgaitasuna  horren aldaera anitzetan  duten pertsonak bereziki ahulak dira eta, horregatik, Ararteko erakundeak beti arreta berezia eskaini izan die eta eskaintzen jarraituko du. 

Adibide gisa, Lezertuak erakundean izapidetu diren kexa batzuk aipatu ditu, gai hauekin lotutakoak: elikadura-jokabidearen nahasmenduak dituzten pertsonen laguntza-premiak; haur eta gazteen nahasmendu larrietan espezializatutako egonaldi ertain eta luzeko zentroetara bideratzeko eskaerak; patologia duala aztertzea.

Era berean, aipatu du erakundeak esku hartu behar izan duela, atzerapenak gertatu baitira balorazioak egiteko orduan eta desgaitasun psikosoziala duten pertsonak artatzeko banakako planean adostu ziren baliabideak esleitzerakoan; horren ondorioz, alferrik luzatzen da pertsona horien ospitale-egonaldia, beraien sintomatologiatik eratorritako beharrak edozein direla ere.

ARARTEKOAREN HITZALDIA

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 26a