Ararteko erakundeak, beste erakunde batzuekin batera, Europar Batasunaren ezagutza sustatu du Europaren Egunean

Europaren Eguna ospatzeko, pasa den maiatzaren 9an, Bilbon egin zen ekitaldi batean, Ararteko erakundea elkarlanean aritu zen Europe Direct Bizkaiarekin, Equipo Europa Euskadirekin eta Bilboko Udalarekin Europar Batasunaren inguruko eta honek gazteei eskaintzen dien aukeren inguruko ezagutza zabaltzeko.

Ekitaldiaren hasieran, Arartekoaren ondokoak, Inés Ibáñez de Maeztuk, erakundearen izenean, Ukrainako gerraren biktimekiko elkartasuna adierazi zuen, bai eta Ararteko erakundeak Europako balioekin zein gazte eta nerabeen interesekin duen konpromisoa ere. Gogoratu zuen Europar Batasuneko Eskualdeen Batzordeak dei egin ziela iaz Batasuneko gobernu autonomo guztiei 2022ko Europaren Eguna Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutunari eskaini ziezaioten. 2022 honetan ospatzen den Gazteriaren Europako Urteari dagokionez, Arartekoaren Haur eta Nerabeentzako Kontseiluak klima-justiziaren inguruan egiten diharduen lana nabarmendu zuen. Gai hori, Eurobarometroari dagokionez, gaur egungo Europako gazteen ardurarik nagusienetako bat da.

Ekitaldiaren lehen saioan, Europako eta Nazioarteko Gaietarako Bulegoko teknikariak, Daniel Todo Castánek, Equipo Europa Euskadiko lehendakariordearekin, Gabriel Berlangarekin, izandako elkarrizketa batean, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutuna ezagutzen eta hobeto ulertzen lagundu zien bertaratu ziren pertsonei. Hurrengo saioan, hiru gaztek hitz egin zuten, gazteek Europar Batasuneko egungo eta etorkizuneko proiektuetan (hala nola Itun Berdean eta Europako etorkizunari buruzko biltzarrean) parte hartzearen garrantziaren inguruan.