Arartekoa Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunari buruzko Adituen Batzorde Independentearekin bildu da

2024ko urtarrilaren 18an Euskadiko eta Nafarroako Arartekoak batera agertu ziren Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren Adituen Batzordean. Agerraldia Iruñeko Nafarroako Jauregian egin zen, Gutunak Espainian duen aplikazioari buruzko seigarren aldizkako txostenaren esparruan.

Espainiak 2001ean berretsi zuen Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna. Gutun hau hizkuntza urrituak babesteko eta sustatzeko Europako Konbentzioa da; era berean, Gutunaren xedea da hizkuntza urritu horiek bizitza publikoan eta pribatuan erabiltzea bultzatzea. Gutunaren aplikazioa gainbegiratzea aditu independenteen batzorde baten ardura da.

Arartekoak Batzordearekin partekatu zuen erakundeak azken hiru urteetan hizkuntza-eskubideen arloan egindako jardueren laburpena, besteak beste adierazpen instituzionalak, sentsibilizazio-ekimenetan parte hartzea eta hizkuntza urrituetarako nazioarteko sareetan parte hartzea. Esku-hartze horiek guztiak pertsona euskaldunek zerbitzu publikoetan euskaraz artatuak izateko duten eskubidearekiko erakundearen konpromiso irmo eta publiko batek gidatzen ditu. Kexen arloan erakundeak  bigarren mailako bide gisa jarduten du Elebide edo Behatokiaren zerbitzuen aurrean eta, horri dagokionez, Arartekoak azaldu zuen kasu gehienak euskararen eta gaztelaniaren koofizialtasunetik eratorritako eskubideei dagozkiela, bereziki zerbitzu publiko jakin batzuetan euskaraz artatuak izateko eskubidea urratu zaiela alegatzen duten pertsonenak.

Adituen Batzordea herriaren defentsa-erakundeekin biltzen den lehen aldia izan da. Ekimena Euskadiko Arartekoak Adituen Batzordearen koordinatzaileari egindako proposamenetik abiatuta gertatu da. Euskadi eta Nafarroako defentsa-erakundeei emandako informazioa eskertu ondoren, eta lehenago Bartzelonan Kataluniako Greuges sindikoarekin bildu ondoren, Batzordeko kideek baieztatu zuten herriaren defentsa-erakundeekin egindako bilerak jardunbide egokia direla etorkizunerako ere. Bisita honen ondoren Batzordeak Hizkuntzen Gutunak Espainian duen aplikazioari buruzko ebaluazio-txostena egingo du; txosten horrek berariazko ondorioak eta jarraipen-gomendioak jasoko ditu. Txostena 2024an argitaratzea espero da.