Arartekoak kexagile baten zuzeneko esleipen-eskaeraren ukapena azter dezala gomendatzen dio Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari, etxebizitza-premia bereziko egoera era egokian ebaluatuz

Pertsona batek Arartekora jo zuen ez duelako berariazko erantzunik jaso ezohiko prozeduraren bidez etxebizitza esleitzeko eskaera bati dagokionez.

Kexagileak azaltzen zuenez bere bizikidetza-unitateak sei kide ditu; horietako bat adingabea da eta beste batek 22 urte ditu, % 81eko desgaitasun-maila aitortua du eta mendekotasun handia du garuneko paralisiaren ondorioz. Adierazten zuen semearen egoerak okerrera egin duela azken urteetan eta gero eta zailagoa dela eguneroko ekintza oinarrizkoenen zati handi bat egitea.

Gaineratzen zuenez bizi diren merkatu libreko etxebizitza ez dago egokituta, ez du gurpil-aulkiarekin maniobrak egiteko leku nahikorik, eta behar duten garabia ez da sartzen etxebizitzan eta, beraz, ezinezkoa da semea behar bezala garbitzea.

Kexaren sustatzaileak adierazten zuenez, 2015eko azarotik "Etxebiden"  inskribatuta daude eta orain arte ez zaie proposatu babes publikoko etxebizitza egokitu bat esleitzea. Gainera diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria jasotzen dute.

Bilaketa aktiboa egiten ari diren arren adierazten zuen ezinezkoa izan dela merkatu librean ere etxebizitza egokirik aurkitzea eta, horregatik, bere udaleko oinarrizko gizarte-zerbitzuetara jo zuela.

Oinarrizko gizarte-zerbitzuek egoera baloratu zuten eta udalak erabaki zuen ezohiko prozeduraren bidez egokitutako etxebizitza bat esleitzeko erabakia Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailburuordetzari bidaltzea.

Bien bitartean kexagileak hiru idazki bidali zituen Bizkaiko Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzara; idazki horietan semearen egoera berretsi zuen eta etxebizitza egokitu bat eskuratzeko beharra azpimarratzen zuen. Ez zuen Ordezkaritzaren erantzunik jaso, baina bai gizarte-zerbitzuen telefono-dei bat. Dei horren bidez jakinarazi zioten etxebizitza esleitzeko bere eskaera ez zutela onartu. Jakinarazpen pertsonalik jaso ez zuenez, ez zekien zergatik ukatu zitzaion eskaera eta erabakia errekurritu zitekeen.

Arartekoak Etxebizitza Sailaren laguntza eskatu zuen, eta hark, bere erantzunean, argudiatu zuen kexagilea eta bere bizikidetza-unitatea ez zeudela etxebizitza egokitu baten zuzeneko esleipena baloratzeko aukera ematen zuten aurreikusitako kasuetako batean ere: terrorismoaren edo genero-indarkeriaren biktimak, birkokatzeko eskubidea duten pertsonak eta etxegabetze-egoeran dauden ahultasun bereziko pertsonak. Beraz, gizarte-zerbitzuei jakinarazi zieten etxebizitza ohiko prozeduraren bidez esleitu arte itxaron behar zutela.

Hala ere, legeak ezarrita du premia bereziko kolektiboek horrelako etxebizitza bat jasotzeko aukera. Berariaz gutxienez bizikidetza-unitateetan titular bat honako kolektibo hauetako kide denean: "... adimen- eta garapen-desgaitasuna duten pertsonak eta gaixotasun mentala duten pertsonak, guraso bakarreko familiak..."

Arartekoaren ustez aztergai dugun bizikidetza-unitate honen egoera etxebizitza-premia bereziko kolektiboan sartzen da, eta, beraz, erregelamenduz ezarritako kasuistikaren barruan. Erakunde honen iritziz Sailburuordetzak ez zien behar bezala erantzun kasuaren berezitasunei eta ez zuen kasu hau behar bezala baloratu  oinarrizko gizarte-zerbitzuek egiaztatzen zuten moduan etxebizitza-premia berezirik ba ote zegoen jakiteko.

Beste alde batetik, Sailburuordetzak gertakariak arrazoitzeko ebazpenik eman ez izanak eragotzi egin du kexagileak hartutako erabakiaren aurka egiteko eskubidea baliatzea eta defentsa-gabezia eragin dio.

Beraz Arartekoak kexagilearen zuzeneko esleipen-eskaeraren ukapena azter dezala gomendatzen dio Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari, bere udaleko oinarrizko gizarte-zerbitzuek egiaztatu duten etxebizitza-premia bereziko egoera behar bezala ebaluatuz.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 26a