Arartekoaren 2023ko urteko txostena Eusko Legebiltzarrari

2023an zehar, 13.602 jarduera egin dira guztira (aurreko urtean baino pixka bat gehiago); horietatik, 8.199 kexei eta kontsultei dagozkie eta 26 ofiziozko espedienteei. Kexa idatziak ia 3.900ra iritsi dira eta horietatik 3.000 baino gehiago izapidetzeko onartu dira; hortaz, %37 inguru areagotu dira.

Zuzeneko arreta emateko bulegoetan guztira ia 9.500 zerbitzu eman ditugu. Horietatik, 4.278 hiru bulegoetako batean aurrez aurre aurkezturiko kexak eta kontsultak izan dira, eta 5.210 zerbitzu telefoniko bidezko aholkularitza eta informazioari buruzkoak izan dira.

2023an, 102 bilera egin ditugu gizarte-erakundeekin eta administrazio desberdinekin: Eusko Jaurlaritzako sailak eta zuzendaritzak, foru aldundiak, udalak eta beste erakunde batzuk. Gainera, Arartekoak aktiboki hartu du parte funtsean administrazioek, gizarte-erakundeek eta defentsa-erakundeek sustaturiko ekimenekin loturiko hainbat ekintza, jardunaldi eta ekitalditan; autonomia-erkidego eta estatu mailan zein nazioartean. 2023an mota horretako 91 jarduera izan dira. Era berean, Arartekoak Europara zein nazioartera begira garatu dituen 22 jarduerak nabarmentzen dira.

2.589 kexa-espediente ebatzi dira, eta 1.540 ebazpen eman dira. Gainerako kasuetan, erabaki da kexak behingoan ez onartzea, bikoiztuta zeudelako, beste herriaren defendatzaile batzuei aurkeztu zitzaizkien-eta; ebazpen judizialaren zain zeudelako edo epai irmoa zutelako; auzibidera jo zelako, eta abar. Kexa-prozeduren batez besteko iraupena 60 egunekoa izan da.

Kexa-espediente horiek aztertuta, ikusi dugu horietatik %53tan eragindako administrazioak oker jardun zuela; ehuneko hori aurreko urtekoa (%47) baino handiagoa da. Kasuen %89tan, eragindako administrazioak erreklamazioa eragin zuen jarduna aldatu eta zuzendu du. Kasu gehienetan, Arartekoak ez du gomendio formala egin beharrik izan.

Kexek hizpide duten gai-arloaren arabera gizarte-bazterkeriaren aurka borrokatzeko bitartekoei loturiko erreklamazioak pixka bat igo direla antzeman dugu: 475 (2022ean, 458 izan ziren). Kexa-espediente horietatik, %89 inguru Lanbideren funtzionamendu txarrarekin zerikusia daukaten arazoak dituzte hizpide, baita diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria kudeatzearen arloan burutu dituen jarduketekin loturikoak ere.

Izapideturiko kexa-espedienteen %46k lotura dute gizarte-eskubideekin (osasuna, gizarteratzea, etxebizitza, hezkuntza eta abar). Osasun arloan, Euskadik lehen mailako eta bigarren mailako arreta-sarean tentsio handia zuela bukatu zuen 2023. urtea. Berriz adierazi beharra dago osasun-administrazioek beharrezko baliabide material eta giza baliabideak jarri behar dituztela osasun-eskubidea benetan baliatzea bermatzeko. 

Euskal herritarren ingurumenean (eta, hortaz, beren osasunean) eragiten duten giza jarduerek eragin handia izan zuten 2023an Arartekoaren lanean; jarduera horien artean, kutsadura akustikoari dagozkionak dira nagusi. Adierazi genuen kontrolatu egin behar direla legeek ezarritako mugak gainditzen dituzten jarduera zaratatsuak eta zarata-fokuak. 

2023-2024 ikasturtean, familia askok Arartekora jo zuten, Euskadiko ikastetxeetan ikasleak onartzeko prozesuetan hartu ziren erabakiez kexatzeko eta beren seme-alabentzako ikastetxea aske aukeratu ahal izatea erreklamatzeko

Aipagarria izan da Arartekoak justizia errestauratiboa bultzatzearen alde egin duen apustua erakundeen arteko lankidetzaren bitartez, nazioarteko mintegiak antolatuz eta horietan parte hartuz eta, Euskadin, hainbat eremutan, justizia errestauratiboa ezartzea ahalbidetuz. 

Aurreko urteetan bezalaxe, erakunde honek arazo larri bati egin behar izan zion aurre: nahitaez aurretiko hitzordua hartu beharrari; eta herritarrek kanal aniztasunerako eskubidea dutela adierazi behar izan zuen.

Halaber, kexetako asko arreta publikoko kolektiboei buruzkoak dira, %7 baino gehixeago, pertsona guztien benetako berdintasun eraginkorra bermatzeko politika publikoekin zerikusia dutenak, eta horien helburua da emakumeek, adinekoek, haur eta nerabeek, ezgaitasunen bat duten pertsonek, LGTB kolektiboak, immigranteek, ijitoek eta abarrek eskubide hori baliatzeko dituzten eragozpenak desagerraraztea.

Haur eta nerabeen eskubideak babestea etengabeko helburua da erakunde honen lanean. Horrela, 2023. urtean, guztira 802 espedientetan aipatu da argi eta garbi haurren eta nerabeen presentzia edo haiek tartean zeudela, hau da, Ararteko erakundean aurkeztutako kexa guztien %20,58tan. Agerikoa da kexen kopuruak nabarmen egin duela gora 2022koaren aldean (553; %45 gehiago). Hori zuzenean lotuta dago hezkuntza-arloko kexen igoerarekin.

Administrazio bakoitzari eragiten dioten espedienteen proportzioari dagokionez, aurreko urteetan bezala, Eusko Jaurlaritza izan da idatzizko erreklamazio gehien jaso dituen erakundea 2023an (ia %58), eta udalen jarduerei buruzko kexak pixka bat jaitsi dira (%31). %9k foru-aldundiei eragiten diete.

Nolanahi ere, espedienteetan ukitutako administrazioen jardunak ikertzeak ez du esan nahi jarduera okerrik egin dutenik, baizik eta erreklamazioak beren jarduketaren bat izan duela hizpide.

2023an nabarmen gutxitu zen Arartekoarekin lankidetzan aritzeko uzkurtasuna agertu zuten administrazioen kopurua. Hala ere, zenbait jarrera azaleratu dira, eta jarrera horiek, eragina dute legeak erakunde honi eman dion babes-ekintzaren eraginkortasunean. Bereziki kezkagarria da administrazio batzuek errekurtso judizialak tartean daudela argudiatzea erakunde honek arrazoi bidez adierazitako irregulartasunak zuzentzea saihesteko edo bere gomendioei aurka egiteko. Arartekoak administrazio setati horien jarrerak salatzen jarraituko du, izan ere, jarrera hori erakustea, praktikan, Eusko Legebiltzarrak hain zuzen herritarren eskubideak zaintzeko sortu zuen erakunde honekin lankidetzan aritzeari uko egitea da. Dena den, 2023ko balantzea positiboa da, oro har.

Arartekoaren nazioarteko proiekzioak bultzada aipagarria izan zuen 2023an, Estrasburgon Europako agintariekin egindako bileren bidez, haiek aitzindari baitira giza eskubideak babestu eta sustatzeko lanean.

Joan den urtea garrantzi handiko gertakari batek markatu zuen: “Legeen geroa / El futuro de las leyes” mintegia egin zen. Mintegi horretako hausnarketak eta ondorioak oinarritzat hartzen ari dira erakunde-erreformarako proposamen bat prestatzeko. Bertan, ikuspegi moderno eta eguneratua azalduko du gai honetaz: nolakoa izan beharko lukeen XXI. mendeko Arartekoak.

2023an bi azterlan argitaratu ziren: “Diskriminazioa eta diskriminazioaren aurkako politika publikoak EAEn” eta “Herritarren segurtasunerako bideozaintza Euskadiko eremu publikoan: oinarrizko eskubideen ikuspegitik egindako azterlana”. 

Informazio gehiago: ARARTEKOAREN 2023KO URTEKO TXOSTENA EUSKO LEGEBILTZARRARI


Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 27a