Energia-transitzio iraunkorreko bidean

2018ko azaroaren 8a

Jainko-jainkosek harritzar bat etengabe biratuz mendi gailurreraino eramatera zigortu zuten Sisifo. Gora iritsi baino lehen, harritzarra behera amiltzen zen eta Sisifok behin eta berriz ekin behar zion ahaleginari, tai gabe. Hala ere, energia modu nekaezinean berritzen zitzaion harririk gabe gailurra jotzen zuen bakoitzean. Sisiforen mitoak eguzkiaren birsortzea irudikatzen du, goizero atera eta gero sartaldetik zeruertzean desagertzen baita. Lurra planetako baliabide naturalak halabeharrez berriztatzen direla sinbolizatzeko balio dute Sisifok eta haren mitoak. Sisifori Saturno titana jar dakioke aurrez aurre. Pertsonaia maltzur horrek, bere seme-alabak matxinatuko zitzaizkion beldur zenez gero, irentsi egiten zituen jaio orduko. Horrela, gizakiak Lurrean gauzatzen duen ekintza suntsitzaile eta jasangaitza irudikatzeko balio du Saturnok, irentsi egiten baititu baliabide naturalak eta, hortaz, arriskuan jartzen baitu bere biziraupena.

Bi mito horiek gogora ekartzen digute gure planetak gainean duen ingurumen-erronka nagusia. Baliabide naturalak irensteko gose itzelak gas-isurtzeak eragin ditu eta, horien ondorioz, klima aldatu da. Klima-aldaketak bizimoduan aldaketa hondatzaileak ekar diezazkieke datozen belaunaldiei. Energia-iturri fosilak (ikatza, petrolioa eta gasa) orain bezain temati kontsumitzen jarraitzen badugu, aurki agertuko dira planetarentzako ondorioak. Egiaz, dagoeneko agerian jartzen ari dira. Horregatik, honako honek izan beharko luke parabola: Gizakiak Sisifo bezala jardun behar al du, bere patua etengabe eta era berriztagarrian bere gain hartuz, edo Saturno titana bilakatu behar du, planetako baliabide naturalak neurririk gabe kontsumituz?

Gaur egun, munduko gizartea energia eraldatzeko prozesu sakon eta saihestezinean murgilduta dago. Nazioarteko konpromiso eta akordioek, esaterako, Parisko Akordioak eta Energiaren Batasuna sortzeko Europar Batasunaren proposamenek adierazten dute zer bide-orri bete behar den berotegi-efektuko gas-isurketak gutxitzeko, aurreztearekin eta energia-eraginkortasunarekin lotutako kuotak ezartzeko eta iturri berriztagarrietatik datorren energiaren kontsumoa bultzatzeko. Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Adituen Taldeak (IPCC) oraintsu aurkeztu duen txostenean, ozen eta irmo eskatu du aldaketa garrantzitsuak eta inoiz ez bezalakoak egin daitezela gizartearen alderdi guztietan, baldin eta Lurraren berotzea 1,5°C-tara mugatu nahi badugu, horixe baita planetak onar lezakeen berotzerik handiena.

Nazioarteko testuinguru horretan, egoerak agintzen duen moduan jokatu behar du Euskadik mende honetan gizartea karbonogabetzeko erronkaren aurrean. Euskadiko Energia Estrategia 2030 eta Klima-aldaketaren aurkako 2050erako Estrategia, horiexek dira Euskal Herriak orain dituen oinarrizko bi zutabeak. Benetan gauzatu nahi badira, adostasun handia lortu beharra dago politika, enpresa eta gizarte arloetan, energia-sistema iraunkor baten oinarrizko printzipioei dagokienez.

Energia-eredu iraunkorrago batera igarotzeko, hiru oinarri bete behar dira: segurua izan behar du, lehiakorra, eta ingurumenean ahalik eta kalterik gutxiena sortu. Era berean, eredu zuzena eta gizartean onartua izan behar du, gu denon eta etorriko diren belaunaldien ongizatea bilatuko duena. Horretarako, erakundeek ez ezik, herritarrek ere beren gain hartu behar dituzte eredu-aldaketan dituzten erantzukizunak, eta lehenbailehen aldatu behar dituzte beren ohiturak, beharrezko norabide aldaketa hori egin ahal izateko.

Egoera horretan, Arartekoari baliagarria iruditu zaio Eusko Legebiltzarrari honako izenburuko txosten berezia aurkeztea: Euskal Herria energia-eredu iraunkorrago batera igarotzea. Txostenaren bidez, batez ere azpimarratu nahi da Euskadin gizarte-ituna erdietsi behar dela, energia-trantsizioaren ildotik hasitako bideari jarraitzeko eta neurri adostuenak bizkortzeko: ahalik eta energia gehien aurreztea eta ahalik eta eraginkorren bihurtzea, Euskadin energia berriztagarriak bultzatzea eta energia fosilen kontsumoa eta berotegi-efektuko gas-isurketak gutxitzea, batez ere garraioan.

Azken urteotan, mendi-gailurrerantz egin diren urrats irmoek ez dute galarazi atzerapausoren bat edo beste ere egitea. Sisiforen harritzarra askotan amildu da ibarrera. Ekin diezaiogun berriro lanari, Sisifo bezala, adorerik galdu gabe, eta jarraitu diezaiogun hasitako bideari, energia-eredu berri bat lortu ahal izan dezagun, iraunkorra eta planetarekin arduratsua. Jokoan dago gure biziraupena eta ondorengo belaunaldiena.

Manuel Lezertua Rodríguez
Arartekoa