INDARKERIA MATXISTA ETA BERDINAK IZATEKO ADOREA

Emakumeen kontrako indarkeria deuseztatzeko nazioarteko egunak, urtero, gaitz ikaragarri hori nola desagerrarazi astiro hausnartzeko -eta hausnarketa hori gizarte osoari jakinarazteko- aukera berezia ematen digu gizakien eskubideak babesteko eginkizuna dugun Arartekoa bezalako erakundeoi. Izan ere, gaitz horixe da gure gizartean emakumeek oraindik ere, zoritxarrez, jasaten duten eskubide-urratzerik larriena.

Aurten Espainian 69 emakume hil dituzte -eta agian gehiago izango dira artikulu hau argitaratzen denerako-. Kopuru hori ikusita, geure buruari galde egin diezaiokegu ea nahikoak ote diren emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko oro har jartzen ari diren baliabide publikoak. Hemen ez ditugu azalduko, ez horixe, presako helburu hori betetzeko aginte publikoak azken urteotan abiarazten ari diren neurri ugariak, baina azalpen horrek argi erakutsiko liguke politika-arduradunek eta eragile publikoek, oro har, ezin ukatuzko borondatea erakutsi dutela hilketen eta suntsitutako bizitzen lasterketa zital hori geldiarazteko.

Oraintsu hainbat lege eta arau garrantzitsu atera dira helburu hori betetzeko asmoz. Lege-arau horien bidez, emakumeen eskubideak hausteko jarrera onartezin horren kontra erreakzionatu nahi da, alegia, babestu egin nahi dira haien bizitzeko eskubidea, osotasun fisiko eta morala izatekoa, duintasun eskubidea, askatasunerakoa, berdintasunerakoa. Maila ezberdinetan abiarazi diren neurri horietako askok honako helburuok dituzte: indarkeriaren biktima diren emakumeentzako arreta-zerbitzuen kalitatea hobetzea, zerbitzuok profesionalizatzea, gizarteko gaitz hori ekiditeko esku har dezaketen erakundeak koordinatzea, emaitzen eraginkortasuna balioztatzea, emakumeen aurkako eraso fisiko edo moralak geldiaraztea eta errudunak bilatzea, emakume horiei baliabide publikoen bidez laguntzea indarkeriaren tunel beltzetik ateratzen, emakumeen kontrako indarkeriari aurrea hartzea. Euskadin, orain eta hemen, tresna publiko asko daude mundu guztian zabaldutako fenomeno hori behin betiko deuseztatu nahian, izan ere kultura, politika eta ekonomia arloetan oso garatuta dauden gurea bezalako gizarteetan ere ageri da.

Tresna horiek ezinbestekoak dira eta, egiaz, txalotu eta oso beharrezkotzat jo behar ditugu. Hala ere, begi-bistakoa dirudi ez direla nahikoa, agian oraindik ez dituztelako eman lortu nahi diren emaitzak -horretarako denbora beharko da, jakina- edo, beharbada, jarduera-ikuspuntua globala den arren eta prebentzioa ere bere baitan biltzen duen arren, esku-hartze publikoaren neurriak, hasieran behintzat, batik bat indarkeriari kontrako erantzuna ematera bideratu direlako (pentsa dezagun, bereziki, zigor neurrietan). Emakume bat hiltzen den bakoitzean, ezinbestean aztertu behar dugu mekanismo horiek nola jardun duten, gure sistemak zergatik egin duen porrot, eta gure hausnarketa hori gizarteko eztabaidari gehitu behar diogu. Hartara, herri-aginte guztiek, baina baita herritarrok ere, gai horretaz berriro gogoeta egingo dugu eta etengabe balioztatuko ditugu geure esku jarri ditugun erantzun-tresnak.

Tresna horiek diseinatzeko orduan, gehienetan premisa egokiak hartzen dira abiapuntu, emakumeen eta gizonen berdintasun hori gauzatu beharreko paradigmatzat aldarrikatzen duten legeetan oinarritzen dira bereziki; diseinu horren inplementazioa, ordea, indarkeriari dagoeneko gertatzen ari denean aurre egitera bideratzen da, batik bat -neurri batean, larrialdiak behartuta-. Horregatik, gure hausnarketan ezinbestez galdetu behar diogu geure buruari zer egin dezakegun indarkeria-ekintzei aurrea hartzeko eta, azken batean, gizarteko gaitz endemiko eta hiltzaile horren kausa iraunkorra -emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun gisa diagnostikatutakoa- konpontzeko. Geure buruari galdetzen badiogu zergatik, oraindik ere, emakumeak eraso matxistaren biktima hiltzen diren, halabeharrez egiaztatuko dugu gure gizarteak, tamalez, oraindik ez duela behar bezala bereganatzerik izan legeek jada sustatzen duten emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako balio-aldaketa hori. Horretarako, gizarte osoak ulertu behar du emakume baten kontrako indarkeria ez dela banakako ekintza soilik, baizik eta emakumeen berdintasunik ezaren eta bereizkeriaren egiturazko egoera baten seinalerik mingarriena eta onartezinena -beldurgarriena-, eta, horregatik, kasuan kasuko biktima zehatza gainditzen duela: emakume guztiak dira emakume bakar baten kontrako eraso bakoitzaren biktima sinboliko.

Desberdintasun-egoera iraunkor eta gure gizarte-antolaketaren zutabeetan hain sendo errotutako hori, jakina, mundu-ikuskera zehatz baten (matxista edo patriarkal deritzogunaren) ondorio da. Ikuskera horren arabera, gizona da munduaren zilborra, gauza guztien protagonista; beraz, gizonen eta emakumeen arteko harremanak eta gizakien artekoak, oro har, emakumeen gizonekiko mendekotasunetik abiatuta azaltzen dira. Horrela, gizonezkoak emakumearekiko ustez duen ahalmen goren horren azken adierazpena izango litzateke emakumeen kontrako indarkeria, hau da, indarkeria matxistaren ondoriozko ekintza ororen azken ratioa.

Gaur egun badakigu, feminismoaren ekarpenei esker, munduaren ikuskera hori aldatuz bakarrik desagerrarazi ahal izango ditugula emakumeen aurkako indarkeria-ekintzak. Eta aldaketa horrek, balioen aldaketa sakon horrek (horren alde agertu dira berdintasunaren arloan berriki atera diren arau eta ekimen publikoak) gizarte-sarearen barru-barruan sartu behar du. Aldaketa sakon hori gauzatuko bada, zalantzan jarri behar da berdintasunezkoa ez den harreman-eredua, erreferentzia berriak sortu behar dira, beste pertsona batzuen arreta- eta zaintza-lanetan gizonek ere emakumeen ardura berbera dutela azalduz, kolokan jarri behar da orain nagusi den maskulinitate-eredua, emakumeei eta neskatoei boterea eman behar zaie gizarte-bilakaeraren subjektu erabat protagonistak izan daitezen, tinko eta garbiro borroka egin behar da giza harremanen eta munduaren ikuspegi sexista horretan oinarrituriko adierazpen kultural, sinboliko, erlijioso, ideologiko eta beste edonolako guztien kontra.

Neskato bat jaiotzen den bakoitzean, hari etorkizuna edozein mutikorena bezalaxe berea ere badela eta, dudarik gabe, bere buruaren jabe dela jakinaraziz soilik ziurtatu ahal izango dugu neskato hori ez dela ezein gizonen biktima izango, ezein gizonek ez duela ez irainduko, ez baztertuko, ez tratu txarrik emango, ez bortxatuko, ezta erailko ere. Baliabide publikoak indar betean jarri behar dira balio-aldaketa sakonaren ideia horren zerbitzura. Heziketa, sentsibilizazioa, giza harremanen eredu berriak sortzea, lana eta bizitza pribatua bateratzea, gizartearen egituraketan bertan ideia matxistak desagerraraztea, horiexek dira helburu hori lortzeko bide bakarra. Bide horri beldurrik gabe ekin behar diogu, izan ere, gizonek konturatu behar dute oraindik ere dituzten pribilegioak galtzeak irabaziak ekarriko dizkiela pertsona diren aldetik, eta irabaziok batzuentzat pentsaezina den moduan aberastu ditzaketela beren bizitzak. Arlo guztietan berdintasunari adorez aurpegi ematen ausartzea; horixe da bidea. Eta bide horretan aurrera egiteko, gizarte osoak ohartuki lagundu behar du.

Iñigo Lamarca Iturbe
Arartekoa